AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Olioak ez du BEZik izango uztailetik aurrera

Espainiako Gobernuak BEZa kenduko dio behin-behinean olioari, oinarrizko produktu bat dela argudiatuz. 2023an ere zerga txikitu zion, %10etik %5era, baina gora besterik ez zuten egin prezioek: %154 garestitu zen iaz oliba-olioa.

Espainiako Ogasun Ministerioak kendu egingo dio Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZa) olioari. Uztailaren 1etik aurrera ez diete zerga hori aplikatuko olioei, 2023ko urtarrilean %10etik %5era jaitsi ondoren. Espainiako Gobernuaren arabera, inflazioa apaltzeko neurri bat da honakoa, baina azken urteetan BEZari ezarritako askotariko murrizketek ez dute inflazioa inola ere geldiarazi, eta igotzen jarraitu dute oinarrizko produktuen prezioek.

Adibidez, BEZa kenduta edo murriztuta zeukaten elikagaietatik %52,4 garestitu ziren aurreko urtean zehar. Beraz, nahiz eta BEZa txikitu edo guztiz kendu, prezioek ez dute behera egiten. Gainera, ez dago bermatuta enpresek BEZaren beherapena benetan ezartzea: iaz jakinarazi zuten Alcampo, Dia, Eroski, Lidl edota Mercadona supermerkatuek iruzur egin zutela, eta ez zutela murrizketa hori ezarri. Inpunitate osoz aritu ziren, eta ez zuten inolako zigorrik jaso horregatik.

Oliba-olioa da azken urtean gehien garestitu den produktuetako bat, frutarekin eta barazkiekin batera. 2023an, teorian, BEZaren murrizketa izan zen arren, oliba-olioaren prezioak gora egin zuen etengabe. Horrela, urtearen amaiera inguruan, oliba-olioaren kostua %57,2 igo zen Coosurren; %121,5 Alcampon; %89,5 Aldin; %154,8 Eroskin, eta %141,4 Carrefourren. Horren aurretik ere, 2021. eta 2023. urteen artean, gora egin zuen oliba-olioaren prezioak; %150,7, hain zuzen.

Sugarra Gaztetxearen defentsan, Lizarran antolatutako hainbat ekimen debekatu ditu UPNk
Hala ere, gaurko eta biharko hainbat deialdi egin dituzte Gaztetxeko kideek. Bihar, besteak beste, manifestazio bat egingo dute Defentsa Komunitatearekin batera; "udalaren mehatxuen aurrean, Sugarra defendatzera" deitzeko.