AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ospa Eguna egingo dute Altsasun abuztuaren 31n

"Errepresioaren aurkako borrokaren premia" azpimarratuta, aurten berriz izango da Ospa Eguna Altsasun. Aurrerago emango dute egitarauaren berri. Azkenekoz, 2022ko irailean antolatu zuten ekimena: 1.500 lagunek esan zioten ezetz Poliziari.

Aurreko urtean ez zen izan Ospa Egunik Altsasun (Nafarroa), baina ez du bere jarduna inola ere eten Ospa mugimenduak. "Errepresioaren aurkako borrokaren premia" nabarmendu du beste behin ere, eta hitzordu baten berri eman du uda honetarako: aurten berriz izango da Ospa Eguna herrian, abuztuaren 31n, hain zuzen ere. Ekimena antolatzeko lanei helduta, aurrerago emango dute aurtengo egitarauaren berri.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, sistema kapitalistan, burgesiarentzat "ezinbesteko tresna" da errepresioa, "bere ordena mantendu" dezan. Poliziaren jarduna eta polizia-indarrek "langileriaren aurka" egiten dituzten esku-hartze guztiak, hain justu, errepresio horren isla direla azaldu du Ospak. Horren adibide modura aipatu ditu, hala nola, Poliziak parte hartuta gauzatzen diren etxegabetze guztiak, kontrolak, isunak eta atxiloketak.

Langileria eraso horiek guztiak egunerokoan jasatera behartuta dagoela ohartarazi du Ospak, eta "egoerak bere horretan jarraitzen duen bitartean", ezinbestekotzat jo du "errepresioa salatzea eta Poliziarik gabeko gizarte baten aldeko borrokan tinko jarraitzea".

Poliziarik ez!

2022ko irailean izan zen Ospa Eguna azkeneko aldiz. Urte horretan, besteak beste, "Poliziaren normalizazio-prozesuari" buruzko mahai-inguru bat eta manifestazio bat izan ziren Altsasun. Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu! lelopean egin zuten mobilizazioa, eta 1.500 pertsona inguruk hartu zuten parte.

EHUri eta NUPi sionistekin dituzten harremanak eten ditzatela exijitu die IAk
HP, AXA edota CAF enpresekin dituen harremanak bertan behera utz ditzala exijitu dio EHUko errektoretzari. Astelehenetik daude martxan Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko kanpaldiak bi unibertsitateetan.