AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Renneseko espetxera aldatu dute Itziar Moreno preso politikoa

2011n atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten gero. Gaur egun, Alaitz Areitio eta Alaitz Aramendi preso politikoak ere Rennesen dituzte preso.

Lekualdatu egin dute Itziar Moreno preso politikoa, Roannetik Renneseko espetxera (Bretainia), Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Orain, Euskal Herritik 800 kilometrora dago. Frantziako Poliziak 2011. urteko apirilean atxilotu zuen bilbotarra, beste kide batekin batera.

2013. urtean, gose greba egin zuen Muret Seysses espetxean, kartzelazainen jarrera salatzeko. 2016. urtean ere egin zuen beste gose greba bat, Parisko Fresnesen, bakartuta zutelako. Urte bereko irailean ezarri zioten 15 urteko kartzela zigorra -ez zuen auzi saioetan parte hartu-. Gaur egun, Rennesen preso dituzte Alaitz Areitio eta Alaitz Aramendi preso politikoak ere.

Abenduaren 30ean, Villenako (Alacant) presondegitik, Villabonakora (Asturias) mugitu zuten Joseba Arregi Fiti preso politikoa.

Gaur Berria-k jakinarazi duenez, bestalde, otsailaren 11n askatuko dituzte Arantza Zulueta eta Jon Enparantza preso politikoak. Iazko irailean espetxeratu zituzten biak, 11/13 sumarioan, auzipetuen eta akusazioen akordioaren ondoren. Azaroan, Zulueta Valentziara (Herrialde Katalanak) urrundu zuten, eta Enparantza, Estremerara (Madril).

Imaginate Frama enpresak langileei zor dien dirua ordaintzea exijitzeko borrokaldia abiatu dute Legution
Legutioko kultur etxea eta ludoteka kudeatzen ditu Imaginate Framak, eta herriko hainbat gazte antolatuk azaldu dutenez, "zenbait langileren lan baldintzak zapaltzen ari da enpresa": "Ez ditu lanorduak Arabako lan hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaindu, ez ditu beharginek egindako lanordu guztiak Gizarte Segurantzan jaso, ez ditu kontratu guztiak helarazi eta sinatzeko eman, eta ez ditu jaiegunetako eta gauetako plusak ordaindu". Bestalde, "xantaiak zein mehatxuak" ere salatu dituzte langileek. Hala, beharginek hainbat hilabetez egindako presioaren ostean, mobilizazioari ekin diote Legution, 'Imaginate, zor duzuna ordaindu' izenpean.