AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Selektibitateari ezetz esan diote Iruñean, IAk deituta

Atzo izan zen protesta bat NUPen; gaur, berriz, Donostian, Eibarren, Gasteizen eta Leioan egingo dituzte elkarretaratzeak. "Ikasleria langilea kaltetzen duen hezkuntza eta ebaluazio sistemaren aurrean mobilizatuko gara", azaldu du IAk.

Unibertsitatera sartu ahal izateko probak egiten ari dira une honetan milaka ikasle, eta aurten ere, selektibitatearen aurka protesta egitera deitu du Ikasle Abertzaleakek, Ebaluazio sistemari aurre egin lelopean. Atzo, ekainaren 8an, Iruñean (Nafarroa) izan zen kontzentrazio bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Gaurko, Hego Euskal Herriko beste lau campusetan antolatu ditu elkarretaratzeak IAk; hain zuzen, Ibaetako campuseko (Donostia, Gipuzkoa) Aulariopean, Eibarko campusean (Gipuzkoa), Gasteizko campuseko (Araba) Aulariopean eta Leioako campuseko (Bizkaia) Mikel Laboa plazan. 10:30ean izango dira protestak.

Ebaluazio sistema, ikasle langileen kalterako

Selektibitateari dagokionez, IAko kideek azpimarratu dute, batetik, "ikasleak sailkatzen" dituela: "Nota onak eta unibertsitateko gastuak ordaintzeko gaitasuna duenak aurrera egiten duen bitartean, nahi ez dutena ikastera edo ikasketak uztera behartuak dira asko. Ikasleen %33k matrikulatu diren gradua utzi egiten dute".

Ebaluazio proba horrek ikasleen "osasun mentala kaltetzen" duela ere salatu dute, "nabarmen areagotzen" direlako ikasleek bizitzen dituzten "presioa, urduritasuna eta ezinegona". Ikasleen %15ek antsietatea jasaten dutela jakinarazi du IAk.

Bestalde, nabarmendu du "lehiakortasunean eta indibidualismoan heztea" ere baduela oinarritzat selektibitateak: "Ikaskidea arerio gisa identifikatzera bultzatzen gaitu, gure artean lagundu ordez, elkarri oztopoak jarrita eta ikasle antolakuntza oztopatuta".

Ohartarazi du, gainera, "soilik memoria gaitasuna ebaluatzen" dela selektibitatean. Izan ere, "ikasleon egoera pertsonala, baliabideak eta gaitasunak kontuan hartu gabe, buruz ikasitakoa errepikatzeko gaitasuna ebaluatzera mugatzen da", IAko kideen esanetan. "Ikasleria langilea kaltetzen duen hezkuntza eta ebaluazio sistemaren aurrean mobilizatuko gara", aldarrikatu dute.

Eskubide politikoen defentsan, absoluzioa aldarrikatu dute Pablo Haselen atxiloketa salatzeko protesten harira atxilotutakoentzat
Pablo Haselen askatasuna exijitzeko Iruñean egindako protestak zirela-eta, Espainiako Poliziak bederatzi pertsona atxilotu zituen 2020ko otsailean eta martxoan. Urte eta erdiren ondoren, osotara, hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte haietako lau gazterentzat, baita 17.000 eurotik gorako isunak ere. "Egoerari aurre egiteko" zein "errepresioaren aurrean antolakuntzarako pausoak emateko", dinamika bat jarri dute martxan.