Emakumeon Antolakunde Sozialista gisara aurkeztu zenetik, lehenengo ikasturte politikoa izan da honakoa Itaiarentzat. Antolakundearen proposamen politikoa
garatzen aritu dira ikasturte honetan, eta Gaitasunak antolatu izeneko jardunaldiak, hain zuzen, "ideia
teoriko eta politikoak mahaigaineratzearen bidez errealitatearen
analisi kritikoak gauzatu" ahal izateko "baliabideak eskuratzeko" eta "emakume
langileon problematika klase ikuspegitik jorratzeko" antolatu dituzte, baita "borrokatzea
beharrezko ikusten duenarentzat elkargune izateko asmoz" ere.
Atzo, 09:30erako, ehunka pertsona bertaratu ziren Urretxu-Zumarragara (Gipuzkoa), Itaiaren aurreneko jardunaldietan parte hartzeko prest. Emakume langileon egoera eta borroka ulertzeko proposamen politikoak erreprodukzio soziala ardatz hartuta izan zen aurreneko mahai-ingurua. Bertan, "ikuspuntu marxistatik" emakumeen emantzipazioari dagokionez egin izan diren hainbat
proposamen politiko aztertu zituzten Isabel Benitezek eta Tita
Barahonak. Baina, batez ere, mende honetan berragertu diren eztabaida
batzuen kritika aitzakia modura hartuta, erreprodukzio
sozialaren ideian sakondu zuten, kontzeptu analitiko gisara aztertuta alde batetik,
eta proposamen teoriko gisara landuta (erreprokzio sozialaren teoria), bestetik.
Jarraian, 12:30ean, jardunaldietako bigarren mahai-inguruari eman zioten hasiera; hain zuzen, Etxeko lanen eta horiek burutzen dituzten langileen egoera gaur egun saioari. Etxeko lanetan soldatapean jarduten duten beharginen lan-baldintzak, baldintza horiek erregulatzen
dituen etxeko lanen erregimen berezia, errealitatean horrekin guztiarekin lotura
estua duen Atzerritartasun Legea nahiz sektore horretako langileek abiatutako hainbat borroka izan zituzten aztergai, besteak beste. Horretarako, Urretxu-Zumarragan izan ziren sektore horretan lanean eta borrokan ari diren bi emakume, legediari lotutako auziak jopuntuan jarri zituen abokatu bat
eta emakume migratuen bizi-baldintzen defentsa ardatz duen EH Feminista Nika eragileko kide bat.
Bazkaltzeko
eta lasai egoteko tarte bat izan ondoren, eguneko hirugarren eta azken
mahai-ingurua egin zuten 17:00etan: Krisi kapitalista eta emakume langileon
interesen defentsarako aukerak. S
Azkenik, 19:00ak aldera, Gaitasunak antolatu jardunaldiei bukaera emateko ekitaldia izan zen. "Antolakuntza
komunistaren baitan, emakume langileon interesak defendatuko dituen
programa politikoa diseinatzera eta borroka prozesuak abiatzera" dei egin zuten orduan Itaiako kideek,
baita, "emantzipazio erreala antolatzeko subjektu politiko bilakatzeko bidean, bitarteko material eta ideologikoak egikaritzera" ere.
Urrats bat emakume langileon gaitasunak antolatzeko bidean
Atzo 700 pertsona inguru bildu ziren Itaiak antolatutako aurreneko jardunaldi nazionaletan. Goizean goiz hasi zen egitaraua Urretxu-Zumarragan, eta besteak beste, "emakume langileon egoera eta borroka ulertzeko proposamen politikoak", "etxeko lanen eta horiek egiten dituzten langileen egoera" nahiz "krisi kapitalista" izan zituzten hizpide egun osoan zehar. Amaierako ekitaldian "emakume langileon interesak defendatuko dituen programa politikoa" garatzera eta borroka prozesuak martxan jartzera deitu zuten Itaiako kideek.