AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bilboko (Bizkaia) Oyal Tailer Elektrikoetako langileek astelehenean ekin zioten bost eguneko grebari, enpresak bi lankide kanporatu dituela salatzeko; hamabi behargin dira guztiak. Joan den maiatzean 54 egunez izan ziren greban ekoizpeneko langileak, haien lan-baldintzak hobetzeko borrokan. Horri esker lortu zuten baldintzak hobetzen zituen akordio bat enpresako zuzendaritzarekin; esaterako, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) gainetik zeuden soldata-igoerak, %100eko aparteko ordainsariak, bajei lotutako hobekuntzak edota kategoria-igoerak lortu zituzten.

Gerora etorri da, ordea, enpresaren erantzuna: hiru langile berri kontratatu eta maiatzeko bi grebalari kanporatu ditu, "diziplina-arrazoiak" argudiatuta. Hala, "jazarpen sindikala" salatu dute beharginek, eta grebara jo dute berriz, kaleratutako bi langileak berriro kontratatu ditzatela exijitzeko. Bihar izango da aste honetako azkeneko lanuztea.