AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Hego Euskal Herrian gora egiten jarraitzen du langabeziak, Espainiako Estatuko Lan Ministerioak argitaratutako datuen arabera. Martxoan, guztira, 494 langabetu gehiago zenbatu dituzte enplegu-zerbitzu publikoetan, eta beraz, dagoeneko 172.508 lagun dira langabetu gisa erregistratuta daudenak.

Otsaileko datuekin alderatuta, langabetuen kopurua hazi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Bizkaian 785 pertsona gehiagok eman dute izena enplegu-zerbitzuetan, Gipuzkoan 165 gehiagok, eta Araban 43 gehiagok. Hortaz, une honetan 73.559 langabetu daude erregistratuta Bizkaian, 34.564 Gipuzkoan eta 21.898 Araban.

Nafarroan, aldiz, otsailean baino 499 pertsona gutxiagok jo dute enplegu-zerbitzuetara martxoan. Orotara, gaur egun 42.487 dira langabetu modura izena emanda daudenak. Dena den, azken hamabi hilabeteetako datuei erreparatuz gero, Nafarroan izan da langabeziaren gorakadarik nabarmenena: %13,71 igo da kopurua, beraz, 5.122 langabetu gehiago hauteman dituzte.

Araban %2,1ekoa (+450 langabetu) izan da gorakada azkeneko hamabi hilabeteetan, %1,37koa (+467 langabetu) Gipuzkoan, eta %1,23koa (+891 langabetu) Bizkaian.