Lurralde Politikako ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak, Isabel Rodriguezek, joan den ostegunean hitz egin zuen datorren neguari buruz: "negu oso gogorra dator", adierazi zuen. Batez ere, Ukrainan leher egin duen gerrarekin lotu zuen hori, Errusiaren kontrolpeko gasaren horniduran etor daitezkeen murrizketek izan dezaketen eraginari erreferentzia eginda —Errusiak Nord Stream gasbidea itxi du aste honetan bertan, hiru egunez
Rodriguezen esanetan, "Espainiak ez du Errusiako gasarekiko mendekotasun hori", baina jakinarazi du gerra "eragina izaten" ari dela, "nahiz eta Espainiak ahalegin handia egin duen inpaktua txikiagoa izan dadin". "Egin behar dugun guztia egingo dugu behar gaituen jendearen ondoan egoteko", gaineratu du bozeramaileak.
Europar Batasunean iragarpen berdinak egin dituzte neguari dagokionez. Renew Europe taldeko eurodiputatu Susana Solisek ere berriki aitortu du "negu zaila" datorrela, gas gabeziak izan ditzakeen ondorioak direla-eta. Bruselan hainbat neurri atera dituzte mahaira: plaka fotovoltaikoak ezartzeko laguntzak erraztea, gasa erosteko Europa mailako plataforma bateratu bat sortzea, edota Errusiako gasarekiko mendekotasunik ez izateko alternatibak aztertzea, esaterako, Ipar Amerikako gas likidotua.
Neurriak
Energia Aurrezteko Planaz gain, neurri gehiago iragarri ditu gobernuak, eta horri lotuta ari da Kontingentzia Plana delakoa idazten, osagarri modura. "Gasa aurrezteari" begirako hainbat neurri hartzea dauka helburu Kontingentzia Planak, baita estatua balizko "krisi energetiko baterako" prestatzea ere.