1964an, Gabriel Arestik, bere Harri eta Herri liburuan, “Joxepe” olerkia eskaini zion Joxe Azurmendiri. Bertan esaten zuen: Joxepe, /nire laguna, / urrun dago, / han goian, / zerutik hurbil, / eta ni berriz / hemen behean, / osin ilun honetan, / Bilbo deritzan / infernu honetan... / Hura han goian, / Arantzatzu deritzan / gailur haretan, / paradisu haretan...
Gaur egun ere badira zerutik hurbil bizi eta gure gizartean paradisua baino ikusten ez dutenak. Baina onartu beharra dago: jarrera hori ez dago batere zabaldua. Gehiengoa Aresti bezala bizi da, infernuan.
Tamalez, ez dago bestelako bide (kontzientzia) faltsuen faltarik. Batzuoi aspaldi uxatu zizkiguten Jainkoak, goiko zeruetatik ekaitza edo eguzkia baino ez dugu espero –lehena baino bigarrena nahiago–, baina dena dela, laguntzarik behintzat ez. Erlijioak, hala ere, kateei loreak jartzen dizkien fenomenoa izaten jarraitzen du, gizakia zeruaren zain bizitzera kondenatzeko balio duena.
Badira, baita ere, infernua ikusirik, hari bizkarra ematen diotenak, eta prest daudenak, noizbehinka, krudelkeriaren baten aurrean malko pare bat isurtzeko, hura benetan konpontzeko inolako konpromisorik gabe. Horiengan tipikoa izaten da helburuen eta horiek lortzeko bitartekoen arteko disoziazio bat: infernuarekin bukatzeko borondate osoa adierazten dute, baina egiten duten guztiak beren buruak salbatzea beste asmorik ez du, asmo sarritan frustratua, infernuak gupida gutxi baitu horrelako ameskeriekin. Horiekin lotuak daude, baita ere, zapalkuntza ezberdinak identifikatu eta haien kontra borrokatzen direnak, zapalkuntza horien benetako jatorri eta izaerari erreparatu gabe. Konbikzioz borrokatzen dira, baina debozio handienak ere ezin du pertsona salbatu hautatutako bidea, hau da, egindako analisia, okerra bada.
Topatzen ditugu, baita ere, infernuaren aurrean pailazo makabroarena egiten dutenak; burlaren eta parodiaren komunikazio formak baino ezagutzen ez dituztenak (ogia ez, baina zirkua bermatua zaigu). Ez dute errespeturik ezerekiko (are gutxiago inorekiko), ez pazientziarik eztabaidarako. Axola zaien egia bakarra haiena da, hau da, ez zaie egia axola, eta, beraz, ez dira gai iritziz aldatzeko. Idioten (zentzu klasikoan eta ez-klasikoan) koru axolagabe bat, arrazoia bilatzera eta konpromisoak hartzera ausartzen direnez iseka egiten duena.
Horiek baino askoz zabalduago dago, ordea, honako jarrera hau: etsita bizi direnena, infernua besterik ezin dela egon pentsatzen dutenena. Ikusten dute gizarte honetan nola ihartzen den ona den guztia, nola miseriak ez duen inolako mugarik, hainbesterentzako zein makurra den bizitza. Hau orain hala denez, beti izan dela hala imajinatzen dute, edo behintzat, hala izan behar duela beti. Nahiz eta ikusi infernuaren sakonera eta zabalera, itsutasun horren ondorioz amore ematen dute. Gauzak ikusteko era hau, esan beharrik ez dago, arriskutsua da pertsonarentzat.
Aipatu genitzake, baita ere, infernuaren apologistak (denetan nazkagarrienak), nostalgikoak (erreakzionarioak) eta infernuak zeharo estropeatutakoak, zeinengan ezin baitaiteke antzeman izan zitekeenaren arrasto bakar bat ere (penagarrienak). Gure azterketaren momentu honetan horiek bakarrik identifikatu ditugu, baina seguru irakurleari beste hamaika bururatuko zaizkiola tipologia hau osatzeko.
Infernua erreformatzen saiatzen direnen eta nostalgikoen aurka (bi jarrerak sarritan batera doaz), egiarekiko konpromisoa eta harekin kontsekuente izateko ausardia. Haren apologistei, gerra bortitz eta gupidagabeena. Bufoien aurrean, sufritzen duen ororekiko maitasuna eta elkartasuna. Etsipenaren kontra, amorrua, edo, gutxienez, gure posizio historikoaren jakintza, klase (desjabetuaren) kontzientziak ematen duen indarra. Eta infernuak, hau da, gizarte kapitalistak, ez dezan jarraitu jendea erabat suntsitzen, aukera bakarra: iraultza komunista.