Guztiok izan gara El Salvadorreko espetxeetan presoek jasaten duten tratu iraingarriaren lekuko, 2023ko hasieran makrokartzelaren inaugurazioaren testuinguruan gobernuak berak egindako komunikazio-kanpainari esker. Askoren arreta piztu duena izan da, ordea, errepresio-aparatu burgesen pean ohikoa den torturaren, isolamenduaren eta umiliazioaren errealitate krudela ezkutatu beharrean, oraingoan, praktika horiek mundu osoko propaganda-bide gisa hedatu izana. Helarazi nahi den ideia sinplea bezain arriskutsua da: ordena eta egonkortasuna mantentzeko, gogorki esku hartu beharra dago pobreen aurka (eta ez pobreziaren aurka). Izan ere, “Bukele metodo” ospetsua pandillen aurkako ustezko gerratik haratago doa.
Askoren arreta piztu duena izan da, ordea, errepresio-aparatu burgesen pean ohikoa den torturaren, isolamenduaren eta umiliazioaren errealitate krudela ezkutatu beharrean, oraingoan, praktika horiek mundu osoko propaganda-bide gisa hedatu izana
“Ustezko” diot, ebidentzia batzuek argi erakusten dutelako haren agintaldian izan diren hilketen jaitsiera ukaezinaren aurretik negoziazioak izan zirela pandilletako buruzagiekin, eta, hain zuzen ere, jaitsiera hori Lurralde Kontrolerako Plana aplikatzeari ekin aurretik hasi zelako. Medikuntza Legalaren Institutuaren (IML) estatistiken arabera, jaitsiera 2019ko apirilean hasi zen, hau da, Plan hura ezarri baino hiru hilabete lehenago. Halaber, zenbakiek erakusten dute homizidioen tasa 13,1 puntu jaitsi zela programak barne hartutako udalerrietan, eta gainerakoetan, berriz, 15,6 puntu, La Prensa Gráficak 2020an emandako datuen arabera. Eta horrek ez gintuzke harritu beharko, aurrekariak badaude eta. 2012an pandillek eta FMLN alderdiaren gobernuak adostutako su-etenaren ondoren, hilketa-tasaren jaitsiera %70,6koa izatetik %41,7koa izatera pasatu zen 2011tik 2012ra.
Talde kriminalei lotutako indarkeriaren murrizketari buruzko datuen atzean, estatu-aparatuek eragindako indarkeriari buruzko datuak agertzen dira. 6 milioi pertsona baino ez dituen herrialde batean 80.000 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, eta zigor-zentroetan hildako 500 pertsona baino gehiagoren heriotza salatu dute, horien artean, haur batzuena. Sorospen Juridiko Humanitarioaren txostenaren arabera, %44 indarkeriagatik (torturak) hil ziren, eta beste %29, berriz, arreta mediko faltagatik (beste tortura modalitate bat baino ez da), Associated Pressen arabera. Poliziek atxiloketa-kuota batzuk dituzte, eta horietara iritsi behar dute lanaldia amaitutzat eman ahal izateko; horrek erakusten du arbitrarioak direla atxiloketak (eta, jakina, ez dutela defentsa-bermerik), eta telekomunikazioak bortxaezinak. Behin-behineko atxiloaldiak hamabost egunera arte luzatzen dituzte, eta horien ondoren, epailearen ordenagailu-pantailaren aurretik igarotzen dira taldeka, eta guztiak batera zigortzen dituzte.
Baina atxilotzen dituzten pertsonen eskubideak sistematikoki urratzeaz gain, arlo guztietara zabaltzen dira urraketak. 2022an dekretatutako salbuespen-egoera (ustez hilabete iraungo zuena) jada ez da salbuespena, araua baizik. Deriba autoritarioan egiten ari diren urratsen artean nabarmendu daitezke ordezkaritza politikoaren, epailetzaren, esparru polizial-militar osoaren indartzearen eta komunikabideen arloetan hartzen ari diren neurriak, besteak beste.
Parlamentuan lortutako kontrolaren bidez (zeina hasieran indarrez lortzen saiatu baitzen), Bukelek Konstituzio Auzitegiko magistratu guztiak eta Estatuko Fiskal Nagusia aldatu zituen, eta horren emaitza izan zen Carta Magnaren interpretazio berria, hauteskundeetara bere hautagaitza aurkezteko balio ziona. Bestalde, Udal Berregituraketarako Lege Bereziaren bidez, 262 udalerri izatetik 44 izatera igaro da herrialdea, eta horren berehalako ondorio gisa, alderdi nagusiak kontrol handiagoa izango du herrialdean.
Atzerriko agenteen legea ere parlamentuan onartu zuten modu espresean, eta, harekin, agindu bakar batekin esango dute zer gobernuz kanpoko erakundek edo komunikabide independentek lan egin dezakeen herrialdean, eta zeinek ez. Legeak, gainera, jasotzen du lan egiteko baimena dutenek erregistro nazional batean eman beharko dutela izena, eta beren diru-sarreren %30 ordaindu beharko diotela gobernuari zergatan. Komunikabideen jazarpenari dagokionez, gogoratu behar da salbuespen-egoera abian jarri zenetik kazetari askok, kartzela-zigorretik ihesi, alde egin behar izan dutela herrialdetik. Maiatzaren hasieran, gutxienez zazpi kazetarik egin behar izan zuten ihes Bukelek krimen antolatuarekin dituen harremanak argitara ateratzeagatik, eta El Faro komunikabideak Costa Ricara mugitu behar izan du.
Segurtasunaren izenean, beraz, demokrazia burgesaren mozorroa kendu du El Salvadorreko erregimenak. Ez dute antzeztu beharrik botere legegilearen, judizialaren eta betearazlearen arteko zatiketa dagoenik, ezta, besteak beste, errugabetasun-presuntzioaren bermatzen denik ere. Ustez krimen antolatuari aurre egiteko erabaki sorta bat zen hori, egiaz, gobernuaren edo hark ordezkatzen duen burgesiaren interesen kontra zarata apur bat egin dezakeen edonoren aurka aplikatzen da. Lider komunitarioak, etxebizitzaren eta lurraren aldeko manifestazioetan atxilotutako manifestariak eta urre-meategien kontrako ekintzaileak daude, besteak beste, agintariek jazarritakoen zerrendetan.
Ustez krimen antolatuari aurre egiteko erabaki sorta bat zen hori, egiaz, gobernuaren edo hark ordezkatzen duen burgesiaren interesen kontra zarata apur bat egin dezakeen edonoren aurka aplikatzen da
Azpimarragarriena, beharbada, ez da gainerakoek beren herrialdeetan egin nahi dutena egitea tirano batek, baizik eta zein azkar ari den hori egiten eta, batez ere, nolako onarpena ari den izaten bere menpekoen artean. 2019an boterera iritsi zenetik, Bukelek %80tik gorako onarpenari eutsi dio, eta soilik %1,4k uste du arazo bat dela boterea pertsona bakar batean kontzentratzea (El Paíseko datuak). Onarpen oso handia izan arren, GLP Datosek egindako galdeketa bateko datuek erakusten dute badela joera apal bat presidenteari suspentsoa ematen diotenen kopuruan; izan ere, pandillak kaleetatik erretiratu ondoren, oraindik ere jendearen kezka nagusia dira pobrezia eta desberdinkeria, urte luzez El Salvadorreko herria zapaldu duten horiexek berak. Gainera, arazo horiek larriagotu egin dira bizitzaren kostuaren gorakadarekin eta osasun publikoaren narriadurarekin.
Egia esan, egoera ekonomikoa iraultzeko aukerak ezdeusak dira. Are gehiago, zor publiko gero eta handiagoa dago (besteak beste, Estatu poliziala mantentzeko) eta, bien bitartean, diru-bidalketen menpe jarraitzen du ekonomiaren zati handi batek. Horixe adierazten du, halaber, AEBko Estatu Departamentuak urtarrilean egindako azken txostenak, herrialdeko negozio-giroari buruzkoak. Txosten horren arabera, “zor publikoa ezin eutsizkoa izateko bidean dago, eta ziurgabetasuna sortzen du El Salvadorrek etorkizunean dituen konpromisoak betetzeko duen gaitasunari buruz”. 2022tik 2023ra 1.069 milioi dolarreko hazkundea izan zuen, BPGaren %79,2 alegia, eta 2023tik 2024ra, aldiz, 2,511 milioi dolarreko igoera, %8,4ko igoera Erreserba Banku Zentralaren (BCR) datuen arabera. Horrek zalantzan jartzen du indarrean dauden politiken epe luzerako bideragarritasuna.
Biztanle gehienak, oraingoz behintzat, prest daude onartzeko beren askatasun politikoen aurkako eraso basatiak eta herrialdearen degradazio ekonomikoa, eta, nahiz eta horren zergatia konplexua izan daitekeen, badago oharkabean pasatzen den eta mahai gainean jarri beharrekoa den elementu bat: alternatiba falta. Izan ere, FMLNk –nahiz eta bere garaian inperialismoaren aurkako borrokan erreferente izan eta herrialdeko oligarkia kolokan jarri–, botere-kuota jakin batzuk lortu ondoren eta herrialdea ia 30 urtez gobernatu zuen bipartidismoaren hanketako bat bihurtu ondoren, bere burua aldatu du sistema aldatu beharrean; erabat usteldu da, eta biztanleria kondenatuta dagoen egoera negargarriaren beharrezko laguntzaile bihurtu da. Oharkabean pasatu ohi bada ere, Bukele bera alderdi horretako kide izan zen, 2017. urtean bota zuten arte.
Biztanle gehienak, oraingoz behintzat, prest daude onartzeko beren askatasun politikoen aurkako eraso basatiak eta herrialdearen degradazio ekonomikoa, eta, nahiz eta horren zergatia konplexua izan daitekeen, badago oharkabean pasatzen den eta mahai gainean jarri beharrekoa den elementu bat: alternatiba falta
Ez da ahaztu behar Bukeleren estiloko deriba autoritarioa ez dela El Salvadorren berezitasun bat; izan ere, arrakasta handiagoarekin edo txikiagoarekin, Latinoamerikako beste herrialde askotan aplikatu nahian ari dira, hala nola Hondurasen, Ekuadorren eta Guatemalan. Herrialde horietako kriminalitate-tasak oso handiak dira, eta talde kriminalek kontrolatzen dituzte lurralde eta jarduera ekonomiko ugari. Aldi berean, biztanleria-masa handiak beldurtzen dituzte, nahiz eta, masa horiek, paradoxikoki, askotan sare horiexetan bertan aurkitzen duten beren familientzako mantenua. Ezin dugu ahaztu talde horietako kide izango zirenek pobrezia, deserria, arrazakeria eta indarkeria jasan behar izan zituztela lehen, eta horixe izan zela taldeen sorreraren, bilakaeraren, hobekuntzaren eta hedapenaren arrazoia. Alternatiba iraultzailerik ezean, sektarismoaren, estortsioaren, droga-trafikoaren eta sikario-lanaren bidean murgildu ziren. Zentzugabea litzateke pentsatzea horien existentziaren oinarria bera izango dela orain arazoaren konponbidea. Krimen antolatua izenez, formaz edo itxuraz alda daiteke, eta agian, baita lurraldez ere aldi baterako, baina existitzen eta zabaltzen jarraituko du zimenduak aldatu ezean. Zimendu horiek gogorragoak eta eraisteko zailagoak dira eskubide politikoak suntsitzearekin, hala nola elkartzeko askatasuna ezabatzearekin, bai eta langile-masa pobretuak kontrolatzeko gaitasun handiagoa duen estatu burges batekin ere.